Copy
GAZTELANIA
Emaila ondo ikusi ezin baduzu egin klik hemen
Jaitsi liburua hemen

BIDEAN...

Euskaraz pentsatu eta bizitzeko aukera egongo den eraikinean, bateragarria da, behar gehiago duenari laguntzea edo eskura ditugun baliabideekiko errespetuzko elkarbizitza. Guztiontzat eredu hobe bat eraikitzea lan mardula da. Polita.
2011 inguruan, parametro jakin batzuetan oinarritutako eredu baten aurrean kokatzen ginen. Egoera sozio-ekonomiko zail batera eraman gaituena. Garapen sozio-ekonomikoa, hazkunde etengabearen logika bakarrari loturikoa. Pertsonaren beharrak erdigunean jarri gabe, naturaren osasuna axola ez zaion zurrunbilo zoroarena; gutxi batzuek gehiengoaren miseriari etekina ateratzeko prestatua dagoena, alegia.
Ereduak eraiki behar dira, beraz. Esaten dugunaren eta egingo dugunaren arteko zubiak modu koherentean landuz eta garatuz. Instituzioak baliabide dira, erreminta, politika publikoen bitartez eraikitze eta erabakitze prozesu etengabeen zerbitzura. Prozesuek dute benetako indarra, funtsean. Lurraldeko eragile publiko zein pribatuen mobilizazio eta parte hartzea azken muturreraino eramango duen "metodologia".
Etorkizuna erabaki nahi dugu, pertsona eta natura aintzat hartuz, ditugun gaitasunak baliatu eta indartuz. Sare instituzionalaren optimizazio prozesu bat bultzatzen ari gara, jakintzaren sarea antolatu eta aktore pribatuekin aurrerapausoak definituz, norabide eta estrategiak finkatuz; horretarako espazioak lehenetsi ditugu, eskualdeak. 
Liburuak, modu pedagogikoan, azken sei urte hauetan emandako pausoak azaldu eta konpartitzea du helburu; erabakitzearen zailtasun eta kontraesanak azaleratuz. Prozesu inklusiboa izanik, aurrera begira, kontzeptuen inguruko eztabaida mahai gainean jarri eta elkarlanerako gonbita luzatuz. Gipuzkoako garapen sozio-ekonomikoaren "demokratizazio"-rako lehen hazia izan da Gipuzkoa Sarean. Bagoaz bidean. 
Pedro Iturbe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Garapenerako zuzendaritzako zuzendaria

Gipuzkoa Sareanek beti izan du epe luzea jomugan. Hori dela eta, azken hilabeteetan, taldez talde, proiektuaren trantsizioa prestatzen aritu gara. Liburu hau trantsizio hori gauzatzeko ahaleginen parte da. Gipuzkoa Sareanen sei urteak jasotzen ditu, eta proiektuari etorkizunerako ateak irekitzea du helburu.Liburuak ez du autorerik. Idazketa prozesua Talde Txikitik koordinatu da, baina parte hartu dugun guztion liburua izatea nahiko genuke. Horregatik, hamaika ahots eta ikuspegi jasotzen ditu. 
Gogoko izango duzula espero dugu. Zuretzat ere lan tresna egokia izatea nahiko genuke, eginiko ibilbidea aztertuz, etorkizuna eraikitzeko. 
Miren Larrea- Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea eta Zubigintza ikerketa Taldeko kidea
GIPUZKOA SAREANEKO KIDEEN IRITZIAK LIBURUARI BURUZ
 Ander Arzelus- Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria eta Talde Ertaineko kidea
 Agian, txoriek naturaltasun handiagoarekin ulertuko dituzte Gipuzkoa Sarean proiektuak bere liburu berrian jasotzen dituen proposamenak. Izan ere, gizakiok, lehenbizi, mugak eta hesiak jartzen ditugu ematen dugun urrats bakoitzean, eta, ondoren, ahaleginak egiten ditugu, esku-hartzearen ondoriozko konplexutasun ikaragarri hori kudeatzeko moduak bilatzeko. Konstante bat da, baina kosta egiten zaigu lurralde batean mugarik eta banaketarik gabeko mapa bat ikustean, marrak edo mugak margotzeko tentazioari eustea -mugek segurtasuna emango baligute bezala-; lurralde-mugaketa bakoitzean hainbat administraziok parte hartzen du; legitimitate osoz, ikusmolde ideologiko desberdinak ditugu; demokraziak berak aberastu egiten ditu gure bizitzak, batzuetan kontrajarriak diren ideiekin; gure motibazioak eta interesak ez dira bat etortzen beti. Tira, kaos bat, ez balitz izango gatazka eta zailtasunen gainetik proiektuak, baliabideak eta etorkizuna partekatzeko nahia daudela; hain zuzen ere, hori proposatzen zuen 2009ko Ekonomiako Nobel Sariak, Elinor Ostrom andreak, commonsen gobernuan aditua eta ekintza kolektiborako teoria bilatzen tematua. Gaur egun, gobernantza eredu berriak bilatzea modan dago. Gipuzkoa Sarean proiektuak -eragileak, erakundeak eta esparru akademikoa biltzen dituen laborategi handia bihurtu denak-, oinarritzat hartuta benetako lana -ez prototipo teorikoak-, proposatzen digu bide luze bati ekitea, elkarrizketa, interakzio eta zubi asko izango dituen bideari. Egiturazko zubiak, txoriek ulertzen dituztenak, eta harreman forma duten zubiak, gure herrian honaino ekarri gaituztenak, eta etorkizuna irekiko digutenak.
Ibai Iriarte-Tolosako Alkatea (2011-2015) eta Eskualde Arteko Mahaiko kidea
Liburu hau azken urteetan Gipuzkoan etorkizuna eraikitzeko bidean emaniko urratsen bilduma eta kontakizuna da, ziklo baten itxiera adierazten duena, baina hasitako bideari jarraitu nahi diotenak eusteko tresna. Herrialde txikia da gurea, aktore askotarikoa eta orekatua. Jakintza gune asko dituena, eta giza kapital garrantzitsua duena. Gipuzkoa sarean guztien elkar ekintza bideratzeko sarea da, lurralde garapenerantz, tokiko indar guneak identifikatuz eta eskualdeetatik garatzeko bitartekoa. Zumitza bezala malgua, baina aldi berean gogorra. Jarrai dezagun bada, sarea indartzen, eragileen arteko harreman gune eta nodoak garatzen, zabaltzen, etorkizuneko Gipuzkoa orekatu eta bizia sortzen.
Mikel_Navarro
Mikel Navarro- Orkestrako ikertzailea eta Gogoeta Taldeko kidea
Guztiz poztekoa da hau bezalako liburua ikustea, estrategiaren eraikitze prozesuari eta agente ezberdinen parte-hartzeari lehentasuna eman diena, eta, norbere kasa ibili ordez, eskualdeak elkarrekin eta elkarrengandik ikastea bultzatu duena. Izan ere, udalerri eta eskualde mailan estrategia bat egin nahi izan denean eskuarki aholkulari talde bati plan hori egitea enkargatu zaio (bertako agenteen parte-hartzea bazter utziz eta kontsulta mailan bakarrik planteatuz); eta, bestetik, udalerri edo eskualde bakoitzeko, modu isolatuan, planteatzen zen, beste udalerri edo eskualdetakoekin erlazionatu edo elkarrekin ikasi gabe.
Itziar Salaberria- UGASSAko zuzendari nagusia eta Eskualde Arteko Mahaiko Kidea
“Sarean”en elkarrekin eginiko ibilbideak tokiko garapena elkarlanean lantzeko aukera berriak erakutsi dizkigu. Gipuzkoako gizarte kapitalaren balioan salto kualitatiboa eman nahi badugu, lurralde orekan sakondu, eta kohesio sozioekonomikoa indartu nahi badugu, lurralde mailako eragileez gain, oinarrizkoa da eskualdeen eta beren eragile sozial eta ekonomikoen parte hartze aktiboa.
Jon_ZubizarretaJon Zubizarreta- Iraurgi Berritzen-eko teknikaria eta fazilitadoreen ekintza ikerketa prozesuko kidea
Hainbat momentu, espazio eta hausnarketari egiten dio aipamena liburuak, azken urteotan Gipuzkoa osatzen dugun eragile desberdinon ordezkaritzapean, hainbat eta hainbat pertsonak elkarbanatu ditugun espazio desberdinetan bizi eta partekatu izan ditugun momentu eta hausnarketak gogoraraziz. Elkarren arteko erlazioak eta sinergiak beste modu batera bideratzeak dakartzan onurak azaleratzen ditu liburuak, prozesuan zehar inplizitu geratu diren hainbat eta hainbat momentu nahiz erabakiren garrantzia agerian utziz.
Bakoitzarenetik abiatuz, borondatetsu besteekin ikuspegiak elkarbanatu, kontrastatu eta geure arteko hariak lotuz, Gipuzkoa hobeago bat egitea posible dugunaren hausnarketara narama berriro ere liburuaren irakurketak. Ea azken urtetako marko honen baitan lanean jarraitzeko oinarri zaigun liburua.
LEGE OHARRA: Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Legea eta Informazioaren Gizarteko eta Merkataritza Elektronikoko Zerbitzuei buruzko 24/2002 Legea betez, jakinarazi nahi dizugu zure datuak fitxategi automatizatu batean gordeko direla, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa. Posta elektronikoz Gipuzkoa Sarearen jardueren inguruko informazio gehiago jaso nahi ez baduzu, bidali berriro mezu elektroniko hau ondoko helbidera:ugaitziturbe@gipuzkoa.eus. Gaian BAJA EMAN adieraziz.