Copy

SARRERA
 
Otsaila Debabarrenan hasi genuen peer reviewekin eta Debagoienan bukatu dugu ikuskaritza taldeko bisitekin. Ibilbide laburra egin dugula dirudien arren, emandako pausoak ugariak izan dira. Buletin honen edukietan, hilabete honetan izandakoak laburbiltzen saiatu gara.
Sarean buletineko lehen alea bidalita, eskertzekoa izan da honek izandako harrera. Bidalitako inkestaren erantzuna oso aberasgarria izan da eta datozen hilabeteotan, egindako iradokizunak kontuan hartuz, gure komunikazioa eta buletinari dagozkion xehetasunak hobetzen saiatuko gara. Bitartean, oraindik parte hartu ez baldin baduzu, garaiz zaude zure ikuspuntua emateko.
Datorren hilabeteari begira, azpimarragarria da martxoaren 12an Ficoban egingo dugula Sarean Topaketak jardunaldia. Esan beharrik ez dago Sareko kide guztiak gonbidatuta zaudetela parte hartzera. Bertan elkar ikustea espero dugu, lehenago lan talde batean edo bestean elkar ikusteko aukerarik ez badugu.

SAREA GAUR
 

Hausnarketatik....

Gipuzkoa Sareanen izandako eztabaidetan sarri agertu da hausnarketa hutsetik haratago ekintzara pasako den prozesu baten beharra. Gutxiagotan aztertu dugu ekintza hutsak ere, helmugaren inguruko hausnarketarik gabe, ez duela eraldaketa sortzen. Hausnarketa eta ekintzaren arteko orekari praxia deituko diogu, eta ez da erraza Gipuzkoa Sarean bezalako proiektu batean, non parte hartzaile bakoitzak ikuspegi eta lan egiteko moduen bere interpretazioa  duen. Hau izango dugu datozen hilabeteetako erronketako bat. Bilatzen dugun orekaren adierazle, elkarrizketa prozesuen indar eraldatzailea azaltzen duen esaldi bat dakargu gaur, Paulo Freireri hartua:
“Ez dago egiazko hitzik aldi berean ekintza eta hausnarketaren batasun hautsiezina ez denik, eta ondorioz, praxia ez denik.”

....Ekintzara

Oarsoaldea, Tolosaldea eta Debagoiena aztergai Eskualde Arteko Mahaian


Pasa den otsailaren 5ean, Eskualde Arteko Mahaiko kideak eta Ikuskaritza Taldeko kideak, besteak beste, Debabarrenan, Eibarren, bildu ziren. Bertan, peer review saioa izan zuten eta  Oarsoaldea, Tolosaldea eta Debagoienako garapen agentzietako zuzendariek eta Tolosaldeako eta Debagoieneko lehendakariek nork bere eskualdearen egoerari buruz hitz egin zuten. Hona bileran eskualde bakoitzak azpimarratu zituen erronken laburpen bat:
  • Oarsoaldea: Pasaiako portuaren etorkizuna; eskualdearen papera zehaztea Donostia-Irun-Baiona eremuan, eta sektore berriak identifikatzea eta bultzatzea, batez ere Errenterian eta Pasaian dagoen langabezi tasa jaisteko. Gobernantza eredu parte hartzailearen beharra azpimarratu zen, erronka hauei aurre egiteko.
  • Tolosaldea: Sektoreen heldutasuna eta, kasu batzuetan, hauen etorkizun zalantzazkoa; enpresen dibertsifikazio maila urria; mikroenpresen ugaritasuna, asko familia enpresak dira eta ez dago ondorengotza bermatuta; lurralde aniztasuna eta sakabanaketa, herri txiki askoz osatua dago Tolosaldea bakoitzak bere erronka eta ikuspuntuak dituela. Sakabanaketa hau gainditzeko asmoz sortu da Lehiberri zentroa, besteak beste.
  • Debagoiena: Fagorren porrota eta, ondorioz, langabezi tasaren igoera; formazio gutxiko langileak eta kooperatibismoaren eredu eraldaketaren beharra.
Eskualde hauen erronketatik abiatuz, aurkezpenaren osteko mahai inguruan parte hartu zuten kide batzuek bere eskualdetako egoerarekin alderatu zituzten kasuak. Bakoitzaren egoera berezia izanik, erronka komunak antzeman ziren eta argi ikusi zen elkarlanerako potentzial handia dagoela.
Sustapen planerako proposamena aurkeztu da Sustapen Mahaian 
Joseba Amondarai aurkeztenJoseba Amondarain Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Departamentuko teknikariak bere departamentuko sustapen programaren planteamendua aurkeztu zuen otsailaren 17an Urola Kostan, Azkoitian, egin zen Sustapen Mahaian. Bertan, diruz lagundutako jardueren deskribapena egin zuen eta diru laguntzen aurrekontua egiterakoan nolako tratamendua egin zitekeen adierazi zuen. Azkenik, beste laguntza lerro bat ezartzea proposatu zuen, ekintzailetasun grina sortzeko talde dinamikak egitekoa. Martxoaren 5ean izan den Sustapen mahaian jaso dira eskualdeen ekarpen, irizpide eta proposamenak gai hauen inguruan. Gainera Eusko Jaurlaritzaren planaren eta Lanbideko plan estrategikoaren inguruko gogoeta konpartitua egin zen Eusko Jaurlaritzako Emplegua eta Gizarte Politikak Departamentuko, plangintza eta enplegu berrikuntzako zuzendaria den Xabier Ochandianoren eskutik.

Lurralde garapeneko eredu berria eta Finantzaketa Mahaia sortzea eztabaidagai Eskualde Arteko Mahaian
Argazkia Eskualde Arteko MahaiaEskualdeetako proiektu estrategikoak indartzeko asmoz, finantzaketa alternatiboa, zein Europar Batasuneko diru laguntzak lortu edo martxan dauden proiektuetatik etekinak jasotzeko asmoz, besteak beste finantzaketa mahai bat sortzea eztabaidatu zen Eskualde Arteko Mahaian, otsailaren 19an, Urola Erdian, Azpeitian. Ixtera doazen enpresen bideragarritasun plana zabaltzea eta erakundeen eskutik enpresen errekuperaziorako aukerak zabaltzeko zer egin litekeen ere aztertu zen. Miren Larrea Zubigintzako kideak lurralde garapen eredu berriari buruz hitz egin zuen mahaian. Aurkezpenaren ostean egindako mahai inguruan eredu berri honi eusteko lankidetza eta parte hartze zabala beharrezkoa dela adierazi zuten mahaiko kideek. Konfiantza nagusi, bakoitzaren erreparoak alde batera utzita, iraganean etsai moduan ikusten zirenak orain bidelagun izan behar dutela argi geratu zen. Orokorrean, eredu berri honetan lan egiteko gogoa badagoela ikusi zen. Epe luzeko lana izanik, etorkizunari begira bere bideragarritasuna arlo politiko eta teknikoan bermatzea beharrezkoa zela azpimarratu zen.

Parte hartze dinamikak eta fazilitadoreen papera aztergai fazilitadoreen formakuntza prozesuan
Debagoienan, Arrasaten, izan ziren otsailaren 20an garapen agentzietako fazilitadoreak beren formakuntza prozesuaren beste saio batean. Oraingoan parte hartze dinamikak eta fazilitadoreen rola izan ziren hizpide. Prometeako Zorione Aierbek eta Iciar Montejok dinamizatu zuten saioa. Fazilitadoreek agentzietan aurrera eramandako parte hartze dinamiketako esperientziak partekatu zituzten, eta proiektuarekiko bakoitzaren sentsazio eta irizpideei buruz ere hitz egin zuten. Lurralde garapeneko prozesuan fazilitadoreen rola definitzeko bidean, fazilitadoreen zereginak zeintzuk izan beharko liratekeen zerrendatu zituzten eta hausnarketa egin. Dinamika hori abiapuntu hartuta, martxoko hurrengo saioan fazilitadoreen rola definitzea da helburu.Fazilitadoreen formakuntza prozesuko argazkiak

Ikuskaritza taldea Debagoienan
Otsailaren 26an izan ziren Debagoienan Ikuskaritza Taldeko kideak- Ion Irurtzun, Jaione Agirre eta Mario Zubiaga-, Parte Hartuz-eko Izaro Gorostidi eta Andere Ormazabal eta GFAko Ugaitz Iturbe. Koldo Azkoitia mankomunitateko gerenteak gidatu zien egindako bisitan. Leintz Gatzagako Gatz Museoa eta JAKION enpresa bisitatu zituzten, gero lanbide heziketa zentrora jo zuten, jarraian mankomunitateko teknikariekin bildu ziren, eta jardunaldia eskualdeko udal ordezkarien bilerarekin bukatu zuten. Eskualdeko erradiografia bat egin zuten, eta indarguneak eta ahulguneak identifikatu. Gainera, lurralde garapenean mankomunitateak eta udalek duten paperari buruz ere hitz egin zuten, bakoitzak bere egoera eta hausnarketak partekatuta.

BERRIKETAN
 
 
Ibai Iriarte-Tolosako Alkatea eta Tolosaldeako Garapen Agentziko Lehendakaria
 
28 herrik osatutako eskualdea da Tolosaldea. 45.646 biztanlerekin (2002an baino %5 gehiago), Gipuzkoako eskualderik gazteena izateaz harro dago. Paperaren eskualdea ezizenez ezaguna, industria eta energia dira eskualdearen ekonomia mugitzen duten sektore nagusiak. Enpresa txiki asko ditu- %95 10 langiletik beherakoak dira, asko familia enpresak eta jarraipen generazional gutxikoak, sektore helduetakoak, dibertsifikazio maila txikiarekin, eta produktu amaitu gutxirekin- eta ondorioz, eskualdeak dituen erronkak ugariak dira, batez ere krisi garaian. Baina Tolosaldeak baditu indargune eta tresna asko hauei aurre egiteko, ekintzailetasuna, kokagunea, jakintza industriala, hirugarren sektorearen indartze prozesua eta Lehiberri Zentroa, besteak beste.
Ibai IriarteEskualde honetakoa da Ibai Iriarte. Tolosarra jaiotzez, gaur egun Tolosako alkatea da, 2011az geroztik eta Tolosaldeko garapen agentziako (Tolosaldea Garatzen) lehendakaria da. Pasa den otsailaren 5ean Debabarrenan, Eibarren, izan zen Eskualde Arteko Mahaian egindako aurkezpena abiapuntutzat hartuz, berarekin aritu gara berriketan.

Ibai, zure eskualdea nola definituko zenuke, esaldi batean? 
Eskualde konplexua da. Udalerri txiki asko dauzka, gehienak 1.000 biztanletik beherakoak dira, eta traktore lanak egiteko enpresa handirik ez dago, Goierrin ez bezala. Hain lurralde zabala eta anitza izanik, askotan interes kontrajarriak izan daitezke.
Zeintzuk dira Tolosaldeak gaur egun dituen erroka nagusiak? 
Konplexutasuna medio, oso zaila izaten da batzuetan 28 udalerriek norabide berean begiratzea, helburu komunarekin. Norberak berea ikusten baitu eta ondorioz, askotan, ekimenak gainjartzen dira udalerri zein eragile desberdinen artean. Egoera hau ikusita beharrezkoa da iparrorratz bat izatea, guztiok batera joan gaitezen, batez ere, helburu estrategiko eta komunetan.
Nola ari zarete lanean erronka hauei aurre egiteko? 
Duela 20 urte eskualde garapenerako zutabe garrantzitsu bat eraiki genuen, gure garapen agentzia sortuta. Ikuspegi bateratu bat sortu nahian, agentzia lanean hasi zen eta gaur egun horretan dihardu, arlo estrategikoetan helburu komunak eta adostasunak bultzatuz, eta dinamikak gauzatuz.
Zein da eskualdeko agenteen inplikazioa helburu hauek lortzeko?
Garapen agentziaren bidez harremanak eta sareak sendotu egin dira Tolosaldeko udalen artean. Argiago ikusten dute ikuspegi bateratu bat izatearen garrantzia eta beharrizana, erronkei aurre egiteko. Gainditu beharreko ikasgaia, orain, eragile pribatuetan, eskoletan eta sindikatuetan kultura hau barneratzea da.
Zer iruditzen zaizu Gipuzkoa Sarean ekimena? 
Oso ekimen interesgarria da, Gipuzkoak dituen indarguneak mahai gainean jartzen baititu, tamaina handiko harreman saretzea sortuz. Baina, batez ere interesgarria iruditzen zait eskualdeak bilakatu baititu eraldaketa prozesuaren subjektu nagusiak, benetako garapen sozio ekonomikoa sustatzeko.
Zertarako uste duzu dela baliagarria Gipuzkoa Sarean? 
Lurraldea XXI. mendean jartzeko garapen estrategikoa beharrezkoa delako, eta, horretarako, eskualdeen egitekoa indartzen du, erabakiak maila honetara jaitsiz eta horrela emaitza errealistagoak lortuz. Ekimen honek lurralde antolaketa, Gipuzkoan enplegua sortzea eta lurralde honi oparotasuna ematea du oinarri eta Sarean gauden kide guztiek horretan dihardugu lanean. Fruituak ez dira azkarrak izango, epe ertain eta luzera ikusiko ditugu, baina eraikitzen ari garen oinarriak funtsezkoak dira lurraldearen ongizaterako eta horretan ari gara. 
                   
AGENDA
 
 

Sarea lanean... martxoan

  • 2014/03/05 Sustapen Mahaia
  • 2014/03/06 Oarsoaldeara bisita. Ikuskaritza Taldea
  • 2014/03/12 Sarean Topaketak
  • 2014/03/13 Fazilitadore formakuntza Debabarrenan
  • 2014/03/17 Sustapen Mahaia deboluzioa saioa
  • 2014/03/18 Tolosaldea bisita. Ikuskaritza Taldea
  • 2014/03/20 Energia Mahaia Goierrin
  • 2014/03/26 Ikuskaritza Taldearen batzarra
  • 2014/03/31 Fazilitadore formakuntza Urola Erdian

AZKENA
 

Zertan datza parte hartzea?
Hona hemen pasa den urtarrilaren 30an fazilitadoreen formakuntza prozesuan egindako hausnarketaren ondorioak, eta zuretzat zer da parte hartzea?

Eman zure iritzia buletinari buruz
LEGE OHARRA: Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Legea eta Informazioaren Gizarteko eta Merkataritza Elektronikoko Zerbitzuei buruzko 24/2002 Legea betez, jakinarazi nahi dizugu zure datuak fitxategi automatizatu batean gordeko direla, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa. Posta elektronikoz Gipuzkoa Sarearen jardueren inguruko informazio gehiago jaso nahi ez baduzu, bidali berriro mezu elektroniko hau ondoko helbidera: ugaitziturbe@gipuzkoa.net. Gaian BAJA EMAN adieraziz.