Copy
CASTELLANO
Emaila zure nabigatzailean ikusi
SARRERA

Aurreko buletinean, Gipuzkoa Sareanekin jarraitzeko gure asmoa aurkeztu genuen. Ordutik hona lanean aritu gara horretarako oinarriak jartzen. Lan horren ardatza izan da, Gipuzkoa Sareanen filosofiari eutsiz, bere jarduera 2015-2019 legealdirako gobernuaren helburuekin bateratzea. Bi helburu jarri ditugu: gobernantza egokiaren eraikuntza bultzatzea eta, Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan, enpresa txikiekin lan egiteko metodologia bat garatzea. Bi helburuak lortzeko ikerketa-ekintza metodologiarekin jarraituko dugu; horrek esan nahi du ekintzara zuzenduriko hainbat espaziori helduko diegula eta berriren bat sortu ere bai. Jarraituko duten espazioetan nabarmenenak Eskualde Arteko Mahaia eta Fazilitadoreen Ekintza Ikerketa Prozesua dira. Epe laburrean, Gipuzkoako Eragileen Mahaia sortzeko ekimena ere definitzen ari gara. Horren guztiaren ondorioz, martxoan jarduera berri horiek abian jartzekoak gara. Laster elkarrekin izango gara, beraz.

Sebastian Zurutuza
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendaria

HAUSNARKETATIK...
Erakundeetan baino neurri handiagoan, lurralde prozesuetan lidergoa lausoa, barreiatua, ez lineala, partekatua eta elkarren mendekoa dela dio lurraldeen lidergoa edo tokiko lidergoa aztergai duen literaturak (Beer eta Clower, 2014; Ayres, 2014; Norman, 2013). Hau da, pertsona bakarrarengan oinarritua baino gehiago, lidergoa pertsona askotan eta pertsona horien arteko erlazioetan sortzen den fenomenoa izango litzateke, eta beraz, lurraldeek, garapenean aurrera egiteko, askotariko gaitasunak eta jakintzak dituzten pertsonak behar dituzte (Sotarauta, 2006).
 
Gipuzkoa Sarean lidergo partekatuan oinarrituriko eta, era berean, lidergo partekatua sustatzeko proiektua dela uste dugu. Sei urte bete ditu jada eta Foru Aldundian bi legealdi aldaketa bizi izan ditu. Beste zenbait elementuz gain, lurraldeko eragile desberdinen inplikazio eta bultzada izateak edo, beste modu batera esanda, prozesuaren lidergoa partekatua izateak ahalbidetu du, gure ustez, ohikoa ez den iraupen hau. Era berean, lurraldeko lidergoa sustatzeko, besteak beste, interakzio edo elkarrekintza gaitasunak garatzearen garrantzia azpimarratzen du Sotarautak (2009), eta, modu sakonagoan eta zabalagoan, Costamagna eta Larreak (2014) fazilitazio gaitasunen beharra nabarmentzen dute. Gipuzkoa Sareanen gaitasun horiek sustatzeko ahalegin berezia egin da hainbat gunetan, hala nola, fazilitadoreen ikerketa-ekintza prozesuan, lurraldeko lidergoa sustatzeko bidean.
 
Beraz, Gipuzkoa Sarean aldi berean lurraldeko lidergo partekatuaren emaitza eta sustatzaile dela esan genezake. Eta aurrerantzean ere hala izango dela espero eta uste dugu.  

Ainhoa Arrona
Zubigintza, Gipuzkoa Sareaneko ekintza ikerketa laborategiko kidea

[Gai honekin harremana duen post bat idatzi du Ainhoa Arronak Orkestrako blogean. Post-a irakurtzeko, egin klik "Beyond competitiveness" gainean]
Beyond competitiveness
...EKINTZETARA
...Sarea sakonean
Elkarrizketa: Garikoitz Agote, Berrikuntzako zuzendari nagusia
“Gipuzkoako enpresa txikietara zuzendutako elkarlana da Ekonomia Sustapenerako Departamentuak landu nahi duena”

Gipuzkoa Sareanen 2016ko jarduerak definitzerakoan, Ekonomia Sustapenerako Departamentuaren rola oinarrizkoa izan da. Baina hemendik aurrera ere proiektuko aktore garrantzitsu izaten jarraituko du, egitasmoaren baitan, hainbat mahaitan egongo baita. Garikoitz Agote Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Departamentuko zuzendari nagusiak gai horiek jorratzen ditu, besteak beste, ondorengo elkarrizketan. Hau da, enpresa txikiekin lan egitearen zergatiak azaldu eta Departamentuak Gipuzkoa Sareani egin diezaiokeen ekarpenaz hitz egin du.
 
SARETIK HARATAGO
 
Atal honek Gipuzkoa Sareanetik kanpo egonik ere, berrikuntza eta gobernantzarekin zerikusia duten proiektu, sare eta ekimenak jaso eta ezagutzera ematea du helburu. Bi azpiatal izango ditu: batean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenak jasoko ditugu; bestean, eskualdeetako ekimenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 27,5 milioi bideratuko ditu 2016an lurraldeko industria indartu, lehiakortasuna hobetu eta pertsonen partaidetza sustatzeko. Egitasmoa Gipuzkoako Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan kokatzen da, lau urtetan zehar ekonomia sustapenaren esparruan 200 milioiko inbertsioa aurreikusten duen ekimena, hau da, urteko 50 milioi.

2016an inbertituko diren 27,5 milioi horiek bost esparrutan banatzen diren 40 programatara bideratuko dira:
  1. Enpresen lehiakortasuna indartu eta babestea, Gipuzkoak industriala eta lehiakorra izaten jarraitzeko. Horren barruan bi jarduera nagusi izango dira: enpresa txikientzat programa integral bat bultzatzea eta erreferentzia izan daitezkeen enpresen eta gainerako enpresen arteko elkarlana bultzatzea. Garikoitz Agote Berrikuntzako zuzendari nagusiaren hitzetan, "lehendabiziko helburu horren pean dauka zentzua Gipuzkoa Sareanen barnean bultzatuko dugun lan ildoak".
  2. Enpresa proiektuen erdigunean pertsonen protagonismoa erraztea, Gipuzkoa parte-hartzaileagoa eta konprometituagoa lortzeko.
  3. Gure gaitasunen eta pertsonen eraldaketa sustatzea, Gipuzkoa berritzaileagoa eta adimentsuagoa eraikitzeko.
  4. Jarduera ekonomiko berriaren sorrera bultzatzea, Gipuzkoa sortzaile eta ekintzailearen baitan.
  5. Nazioarteko kokapena indartzea, Gipuzkoa ireki eta erakargarri baterantz urratsak emateko.
Planaren aurkezpena ondorengo linkean dago ikusgai.
 

 
Goierriko Industria Foroa Goierri eskualdeko industria jardueraren etorkizunaren inguruko hausnarketa bultzatu eta bertako enpresen lehiakortasuna sustatzeko sortu den lantaldea da. Eskualdeko enpresez (Ampo, Orkli, Irizar, Indar, Praxair eta Hine) gain, Goierri Eskola, Goierri Goi Maila Eskola, Goieki-Eskualdeko Garapen Agentzia eta Lortekeko ordezkariek parte hartzen dute bertan. Industria garapenerako erronkak identifikatu eta horien inguruko hausnarketaren bitartez, lan ildoak definitu eta gauzatzea da foroaren egitekoa. Prozesua Goiekik dinamizatzen du, Orkestraren aholkularitzarekin.
 
2015eko ekaina bitartean, hausnarketa sakon baten ondorioz, zeharkako gaitasunen garapenak industria jardueran duen eragina aztertzen ari da. Jakite teknikoez gain, zeharkako gaitasunek enpresa jardueran zuzenean eragiten dutela argudiatuta, lidergo, komunikazio, sormen edo mugikortasunerako gaitasunen garapenean lan egitea adostu zen. Horiek pertsona baten bizitzan zehar barneratzen direnez, hiru lan esparru jorratu dira: Lehen eta Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Goi Mailako ikasketak, eta enpresa esparrua.
 
2015eko irailaz geroztik, lehendik martxan jarritako ekimenak aurrera eramateaz gain, Industria Foroak, eskualde modura, 4.0 Industrian kokatzea adostu du, industria eta ekonomia garapena bultzatzeko. Horretarako hainbat lan ildo definitu dira:
  • Kontzeptu eta arlo berria izanik, horren esanahia eta eskualdearen interpretazioa zein den definitzea.
  • 4.0 Industriak eskatuko dituen gaitasun eta formazio behar berriak identifikatzea.
  • 4.0 Industriaren garapena eskualdeko tamaina ezberdinetako enpresetan txertatzea, horien elkarren arteko ikasketan oinarrituta.
  • Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta beste eskualdeetako estrategia eta politikekin sinergiak bilatu eta koordinaziorako bideak garatzea.
Proiektuaz gehiago jakiteko, bisitatu ondorengo helbidea
AZKENA
 
Lurralde garapena, erronkak eta ekintza ikerketa

Lurralde garapenaren estrategiek, oro har, bi erronka nagusi dituzte. Zeintzuk ote? Nola egin diezaieke aurre erronka horiei ikerketa-ekintzan oinarritutako proiektuek, horien artean, Gipuzkoa Sareanek? Galdera horiei erantzun die Francisco Alburquerque ikertzaile seniorrak ondorengo bideoan. Egin klik irudian!
 

 


Komunikazioaren rola Gipuzkoa Sareanen

Proiektuak aurrera egiteko ezibesteko pausoa zen eta da komunikatzeko moduetan aldaketak ematea. Baina nola ulertzen da komunikazioa Gipuzkoa Sareanen baitan? Zeintzuk dira honen erronkak? Maite Reizabal Orkestrako komunikazioko teknikariak gaiari buruzko hausnarketa bat egiten du bideo honetan. Egin klik irudian!


 
LEGE OHARRA: Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Legea eta Informazioaren Gizarteko eta Merkataritza Elektronikoko Zerbitzuei buruzko 24/2002 Legea betez, jakinarazi nahi dizugu zure datuak fitxategi automatizatu batean gordeko direla, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa. Posta elektronikoz Gipuzkoa Sarearen jardueren inguruko informazio gehiago jaso nahi ez baduzu, bidali berriro mezu elektroniko hau ondoko helbidera: diputatunagusiarenkabinetea@gipuzkoa.eus. Gaian BAJA EMAN adieraziz.

 
unsubscribe from this list    update subscription preferences