Copy
CASTELLANO
Emaila zure nabigatzailean ikusi
SARRERA

Joan den otsailean buletina atera genuenetik, Gipuzkoa Sareanek pauso garrantzitsuak eman ditu. Ordura arte gobernu barruan, eta batez ere Kudeaketa Estrategiako Zuzendaritza eta Sustapen Ekonomikoko Departamentuaren artean landutakoa lurraldeko eragileei berriro zabaltzen hasi gara, eskualde garapenerako agentzietatik hasiz. Lehen Eskualde Arteko Mahaian gobernantzaren eraikuntzari elkarlanean eusteko erabakia hartu genuen. Erabaki xumea dirudi, baina han azaldutako konpromisoa zehazten joango gara datorren bileran, eta handik aurrera, ekintzarako bidean emango dira aurrerapausoak. Bestalde, buletin hau prestatzearekin batera ari gara fazilitadoreen lehen bilera antolatzen. Prozesua elkarrekin landu dugu, Eskualde Arteko Mahaian eta jadanik aukeratu ditugu enpresa txikientzako politikak hobetzen lagunduko duten hamar proiektuak. Orkestraren laguntzaz, haientzako hobekuntza eta ikasketa prozesuak jarriko ditugu abian. Honen guztiaren emaitza modu apalean agertuko da 2016ko programetan, denborak estuak baitira, baina 2017rako aukera aparta daukagu elkarlanari etekina atera eta guztion artean lurraldeari ematen ari garen erantzunak hobetzeko. 

Sebastian Zurutuza
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendaria

HAUSNARKETATIK...
Eskualde Arteko Mahaiaren azken bileran, ikerketa ekintza prozesu baten bidez elkarrekin gobernantza eredu berri bat eraikitzeko konpromisoa hartu genuen. Baina, non dago eraldatu behar dugun gobernantza eta nola eraldatzen da zehazki?

Ikertzaileoi sarri azpimarratzen zaigu praktikari loturik lan egin behar dugula, gauza konkretuak landu eta abstrakziotik aldenduta. Zubigintzatik eutsiko diogu eskaera horri, baina Kurt Lewinek behin esan omen zuen ez dagoela ezer praktikoagorik teoria on bat baino, eta buletinaren atal honetan praktikoak diren teoriak partekatzen saiatuko gara. Gaur ideia bat landu nahi dugu: gobernantza ikuspegi konstrukzionista batetik landuko dugula. Ikuspegi horretatik, lurraldeko aktoreok modu aktiboan jakintza berria sortzen dugu, geure subjektibotasunetik eta elkarrekiko-subjektibotasuna garatuz, tokian tokikoak diren moduetan (Hershberg, 2014).

Zer esan nahi du honek? Gipuzkoako Foru Aldundia eta eskualdeetako garapen agentzien arteko gobernantza guk guztiok gure arteko harremanez dugun interpretazio subjektiboaren baitakoa dela; gobernantza horretan sinesten badugu, hori posible izango dela eta sinesten ez badugu, ekintzak ekintza, ez dugula gobernantza berririk eraikiko. Gainera elkarrekiko subjektiboa da, gutako bakoitzaren interpretazioan besteon jarrerek eta ekintzek eragingo dutelako. Eta azkenik, tokian tokiko moduekin esan nahi digutena da ez dagoela hori egiteko errezetarik, geuk (guztiok) Gipuzkoa Sareanentzat eraiki dezakeguna besterik.  

Miren Larrea
Zubigintza, Gipuzkoa Sareaneko ekintza ikerketa laborategiko koordinatzailea
 
...EKINTZETARA
...Sarea sakonean
Eskualde Arteko Mahaia
Fernando Nebreda: “Uste dut gobernantzaren erronka nagusia dela nola uztartu Foru Aldundiaren politika nagusiak agentziok egiten dugun lanarekin”

Gipuzkoa Sareaneko 2016ko programari hasiera eman zitzaion joan den martxoaren 17an egindako Eskualde Arteko Mahaiarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzan bildutako agentzietako zuzendari eta lehendakariek gobernantzaren inguruan eztabaidatu zuten Sebastian Zurutuza Kudeaketa Estrategiako zuzendari eta proiektuaren arduradunarekin, Antton Tomasena Ekonomia Sustapeneko zuzendariarekin eta Miren Larrea ikerketaren koordinatzailearekin batera. Aldunditik, Joseba Amondarain, Aitor Arozena eta Ander Arzelusek ere parte hartu zuten, azken honek dinamikaren fazilitadore gisa.

Zein erronka ikusi zituzten partehartzaileek gobernantzaren inguruan? Bileran ateratako zein ideiarekin geratu ziren? Bi galdera horiek egin genizkien Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariari eta Oarsoaldeko garapen agentziako zuzendariari. Ikus bideo honetan beraien erantzunak.





Dinamikako argazkiak ikusteko, egin klik hemen.
Elkarrizketa: Antton Tomasena, Ekonomia Sustapeneko Zuzendari nagusia
“Agentzien aportazioekin geratzen naiz, eginiko galderei erantzuteko moduarekin eta hauek egindako ekarpenekin”

Bigarren Eskualde Arteko Mahaia Iraurgi Berritzeneko egoitzan, Azkoitian, egin zen joan den apirilaren 6an. Honen helburua izan zen bihar hasiko den fazilitadoreen ekintza ikerketa prozesurako zenbait oinarri ipintzea, besteak beste, agentzia bakoitzak landu ditzakeen proiektuen zerrenda bat aurkeztea, bertatik bat hautatzeko. Prozesuak fazilitadoreen prestakuntza du helburu, hauek enpresa txikiei laguntzeko tresnak landu ditzaten.

Bilera, beraz, ezinbestekoa izan zen prozesuari hasiera emateko. Amaieran, Antton Tomasenak, Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak, bertan bizitakoen sentsazioez hitz egin zuen.

 
Nola baloratzen duzu dinamika? 
Oso positiboa iruditu zait. Aurreko jardunaldiaren ostean apur bat urduri gelditu nintzen, itxura ematen baitzuen gure helburuetan ez genuela asko sakonduko. Gure helburua da programaren definizio on bat egitea eta, gehienbat, harreman eredu bat diseinatu eta egituratzea. Eta gaur jada ikusten hasi naiz hori lortzeko gai garela.
Zer azpimarratuko zenuke?
Agentziek esandakoarekin geratzen naiz, eginiko galderei erantzuteko moduarekin eta hauen ekarpenekin. Gauza asko daude ezagutzen ez ditudanak eta balio handikoak direnak. Horrez gain, beraien inplikazioa eta aldaketak sortzeko eta hobetzeko gogoa ikusi ditut eta horrekin ere geratzen naiz. 
 Nondik gustatuko litzaizuke joatea hemendik aurrera
Denon artean hausnarketa sakon bat egitea gustatuko litzaidake, bakoitzaren egitekoa zein den eta Aldundiaren edo erakundeen politikak zeintzuk diren definitzea, lotura hori lortzeko politika eta agentzien artean. Orain itxura hobea hartzen diot. Agentziek badute lanerako gogoa. Hausnarketa egin dute eta gure etorkizuneko politikak edo legealdiko politikak aldatzen joango dira. Eta etorkizunera begira garapen agentziak tresna edo bitarteko bezala ikusten ditut.


Dinamikako argazkiak ikusteko, egin klik hemen
...Sarea laburrean
Hitzarmen sinadura
Elkarlan estrategikoko hitzarmena sinatu dute Aldundiak eta Orkestrak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, elkarlan estrategikoko hitzarmena formalizatu zuten joan den martxoaren 16an, unibertsitate arloko ikerkuntza zein Zubigintza, ekintza ikerketarako Laborategia proiektuaren zuzendaritza akademikoa sustatzeko. Gipuzkoa Sarean egitasmoan kokatzen da proiektua, eta lurralde garapen orekatua eta kohesionatua bultzatzea du xede, Gipuzkoan gobernantza eredu berriak ezarriz.

Markel Olano diputatu nagusiak eta Ignacio Mª Echeberria Orkestrako presidenteak izenpetu zuten hitzarmena, azken honen ordezkaritzapean Jose Luis Larrea egon bazen ere. Hitzarmena 2016an egongo da indarrean, eta bi ekintza ildo nagusi edukiko ditu: Ekonomia Suspertzeko Planari lotutako jarduerak eta, zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldeko enpresa txiki eta ertainei babesa emateko garatutako estrategiak, alde batetik, eta, bestetik, Aldundia gobernantza ona finkatzeko darabilen dinamikaren orientazioa eta aholkularitza.
 
'Lurraldetasuna eta kontzeptualizazioa'
Gipuzkoa Sareanen lurralde garapenaren kontzeptuak presentzia eduki zuen Eusko Ikaskuntzak antolatutako lurraldetasun mintegian

Eusko Ikaskuntzak 'Lurraldetasuna eta Kontzeptualizazioa' mintegia egin zuen joan den martxoaren 5ea, lurraldetasuna modu berri eta partekatu batean garatzeko helburuarekin. Bertan, Miren Larreak, Gipuzkoa Sareanen baitan garatutako lurralde garapenaren kontzeptutik abiatuz, honen dimentsio sozioekonomikoaz hitz egin zuen.

Larreak azaldu zuen Gipuzkoa Sareanen baitan lurraldea aktore multzoa dela eta lurralde garapena berriz aktoreen dinamizazio eta parte haratzean oinarritzen dela. Era berean, mintegian, lurraldetasunaren dimentsio juridiko, politiko, instituzional eta sinbolikoaz ere hitz egin zen.

Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu zuria proiektuaren lehen pausoa besterik ez da mintegia, 2018ra arte iraungo duena. Jasotako kontzeptualizazioak proiektuaren ardatzak markatuko ditu.

Fazilitadoreen ekintza ikerketa prozesua
Fazilitadoreen prozesuan landuko diren proiektuak definitu dira

Fazilitadoreen prozesuan landuko diren proiektuak definitu dira dagoeneko. Guztira hamar proiektu landuko dira ekintza ikerketa honen bitartez, bat agentzia bakoitzeko. Dena den, helburua da denek prozesu guztietatik ikastea eta agentziek eta Diputazioak dialogo bat mantendu dezaten enpresa txikiekin harremana duten gaiak hobetzeko.

Eskualde Arteko Mahaiaren bigarren bileran garapen agentzietako zuzendariek egindako proposamenetatik abiatuz, proiektu bakoitzak fazilitadoreen ikerketa ekintza prozesuan izan dezakeen rolaz hausnartu eta eztabaidatu da. Hausnarketa horretan parte hartu dute Orkestrako zenbait kidek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kabineteko Kudeaketa Estrategiako zuzendaritzako kideek eta Ekonomia Sustapeneko departamentuko kideek. Azken hauen rola erabakigarria izan da, batik bat fazilitadoreen prestakuntzan izango duten pisua kontuan izanik. Foru Aldundiak hautatutako proiektuak agentziekin kontrastatzen ari dira

Fazilitadoreen ekintza ikerketa prozesuaren lehen dinamika bihar egingo da Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean. Zenbait fazilitadore aurreko prozesuan ere egon ziren, baina badira lehenengo aldiz datozenak ere.

SARETIK HARATAGO
 
Atal honek Gipuzkoa Sareanetik kanpo egonik ere, berrikuntza eta gobernantzarekin zerikusia duten proiektu, sare eta ekimenak jaso eta ezagutzera ematea du helburu. Bi azpiatal izango ditu: batean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenak jasoko ditugu; bestean, eskualdeetako ekimenak.

Etorkizuna Eraikiz maiatzean aurkeztuko den programa bat da. Gipuzkoako Foru Aldundiak, programa horren bidez, bilatzen du lurraldeko eragileekin azterketa partekatu bat egitea, erronka nagusiak identifikatu eta, hala, Gipuzkoaren etorkizun ekonomiko, politiko eta soziala bermatzeko. Bestela esanda, eragile askoren arteko sare bat eraiki nahi da.

Honen helburua da lurralde garapenerako proiektuak programara gehitzea, esperientzia pilotuetatik abatuz. Era berean,  bilatzen duena da Gipuzkoako gizarte eta ekonomia garapenerako proiektu berriengan pentsatzea eta hauei modu partekatuan forma ematea.

Diputatu nagusiaren lideregopean,programa Aldundiak bultzatu nahi duen "2015-2019rako Kudeaketa Plana Estrategikoaren" barnean kokatzen da. Plan horren helburu nagusia da ekonomiari laguntzea eta gobernantza berri bat eraikitzea.
 

Tolosaldea Saretzen eskualdeko eragile publiko eta pribatuz osatutako plataforma eta eztabaidagune partehartzailea da. Eskualdeko garapen iraunkorraren alde sortzen diren ideia eta proiektu estrategikoak bilakatzen lagundu eta eskualdeko garapenaren alde bisio partekatua eraikitzea bilatzen du. Tolosaldea Garatzenekin batera, udal eragile eta ordezkariek zein eragile ekonomiko, sozial, hezkuntzako eta bestelakoek ere oso rol garrantzitsua dute, une eta gune desberdinetan parte hartzen dutenez gero. 

Sei dira proiektuaren helburu nagusiak:
1. Tolosaldeko proiektu estrategiko baten sentimendua sortu eta elikatzea.
2. Izaera anitzeko eragile desberdinak lankidetzan jarri eta kultura berritu baten oinarriak ipintzen joatea.
3. Eskualdeko garapenaren lehentasun estrategikoak finkatzea.
4. Elkartrukerako gunea izatea, eragileen dibertsitatea proiektuak aberasteko baliagarri bilakatuz.
5. Erronka estrategikoen gainean proposamen emailea izatea.
6. Ekinbide berriaren gizarte proiekzioaz arduratzea.

Tolosaldea Saretzenek bi aspektu berritzaile planteatzen ditu: batetik, eskualdeeko eragileen artean lan egiteko modu berriak bultzatzen ditu; bestetik, eskualdeko udal guztiek, aho batez, honetarako diru-funtsa bat sortzea erabaki dute, udalaz gaindiko erakundeen diru-lerroetatik haratago. Honek eskualdearentzat estrategikoak diren proiektuak sustatzen eta garatzen laguntzeko bermea ematen du.

Une honetan 2016ko Tolosaldea Saretzenen deialdia garatzen ari da proiektuaren Kontseilua. Era berean, kontseilu hori, eskualdeko garapenaren inguruko hausnarketa estrategikoa dabil egiten.

 
AZKENA
 
Maila anitzeko gobernantza, Latino Amerika eta Gipuzkoa Sarean

Gipuzkoa Sareanen baitan maila anitzeko gobernantza kontzeptu gakoetako bat da. Kontzeptu horrek, gainera, egiteko garrantzitsua izango du Gipuzkoa Sareanen datozen urteetan, lurraldeko eragile gehiago proiektura gehitzea aurreikusten baita. Baina, zer ekarpen egiten dio maila askotako gobernantzak lurralde garapenari? Pablo Costamagna ikertzaile eta Zubigintzako kideak ideia horren inguruan hausnarketa bat egiten du ondorengo bideoan. Egin klik argazkian!


LEGE OHARRA: Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Legea eta Informazioaren Gizarteko eta Merkataritza Elektronikoko Zerbitzuei buruzko 24/2002 Legea betez, jakinarazi nahi dizugu zure datuak fitxategi automatizatu batean gordeko direla, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa. Posta elektronikoz Gipuzkoa Sarearen jardueren inguruko informazio gehiago jaso nahi ez baduzu, bidali berriro mezu elektroniko hau ondoko helbidera: diputatunagusiarenkabinetea@gipuzkoa.eus. Gaian BAJA EMAN adieraziz.

 
unsubscribe from this list    update subscription preferences