Copy
GIPUZKOA SAREAN TWITTERRA

SARRERA
 
2014. urtea bukatzear gaudenez, urte honetan Gipuzkoa Sareanen izandakoa baloratzea dagokigu. Urtarrilean jarri genuen abian Sarean buletina, ekimen honetan lantzen ari ginen hausnarketa eta ekintzen inguruko berriak Sareko kide guztiei eta interesa duten eragileei zabaltzeko asmoz. Hamabi hilabete hauetan, buletin honen bitartez islatzen saiatu gara gure lurraldean bizirik dagoen prozesu honen lorpenak. 

Epe luzeko prozesu bat izanik, askotan zaila eta nekeza da begi-bistako emaitzak izatea. Batzuk izan ditugun arren, Sustapen edo Energia dekretuak elkarrekin lantzea adibidez, guretzat hauek ez dira Gipuzkoa Sareanen izandako emaitzarik garrantzitsuenak. Sare honetako helburu nagusia lurralde garapena eraikitzea da, horretarako eskualdeetako harremantze eredu berri bat bultzatuz. Ondorioz, 2014an izandako lorpen nagusia izan da eskualdeen arteko elkarlana eta konfiantzazko espazioak maila eta gune desberdinetan sortzea, eragileen arteko elkarrizketa eta harremanak hausnarketaren bidez indartuz eta elkarri lotuz. 2015ari begira, harremantze eredu hau indartzen jarraitu nahi dugu eta eskualdeek, elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiari  lurralde garapenean eragin positiboa izan dezaketen ekimenak proposatzen joatea gustatuko litzaiguke. Guztion artean Gipuzkoa sendoago bat eraiki dezagun, krisiaren eraginak arintzeko eta etorkizunean etorri daitezkeenen aurrean prest egoteko.   

HAUSNARKETA
 
Harremantze ereduaren iraunkortasunaren inguruko hausnarketa

Talde ertainean, Zubigintza ikerketa taldearen barnean, EAM eta fazilitadoreen ekintza ikerketa prozesuan Gipuzkoa Sareanen iraunkortasunaren inguruan egin genuen hausnarketa txiki bat. Harremantze eredu berri honen garapena epe luzeko prozesu bat da, baina datozen hilabeteetan aldaketak egongo direla kontuan izanik, bere etorkizunaz elkarrekin hausnartu dugu.  
Talde bakoitzak bere erabaki eta konpromisoak hartu baditu ere, orokorrean, talde guztietan aipatu zen sare hau sortzea aurrerapausoa izan dela. Bide honetan jarraitzeko aukerak lantzeko asmoz, ezinbestekotzat jo da 2015eko jarduera definitu eta bermatzea, legealdi berrian Foru Aldundian eta udaletan izango diren talde berriek proiektua bizirik ezagutu dezaten. Jarduera hori definitzen eta gauzatzen laguntzeko prest agertu ziren taldeetako hainbat partaide, eta borondate honetan oinarrituz emango dira datozen asteetan 2015eko lan plana gauzatzeko pausoak. Besteak beste, guztion artean egiten ari garen sistematizazio lana "aitzakia" ona izango dela erabaki zen, iristen diren berriekin Gipuzkoa Sareanen baitan eratutako harremantze eredu berri hau zer izan den aztertu eta etorkizunean zer izan daitekeen lantzen jarraitzeko.
Askotan aipatu izan dugu bileretan lurralde garapena epe luzeko prozesua izanik, legealdi aldaketek sortutako etenak gainditzen ikasi beharko genukeela. Ikasketa prozesu horixe da, hain zuzen, ikerketak Gipuzkoa Sareanen duen funtzioa. Horretarako azken aste hauetan Fomin-en metodologia bat erabiltzen ari gara. Fomin Amerikarteko Garapen Bankuari loturik dagoenez, metodologiak oinarriak Hego Amerikako esperientzietan ditu. Guk Gipuzkoa Sareanen baitan geure interpretazio propioa egin dugu eta lortzen ari garen emaitzekin metodologiaren oinarriak hobetzen ahalegindu nahi dugu, eta, abiapuntu horretatik, nazioarteko zenbait prozesutan Gipuzkoa Sareanen ekarpena egin.

Ekintza-SAREA LABURREAN
 
Eskualde Arteko Mahaia
Ordizian Gipuzkoa Sareaneko eguneratzea eta hausnarketa eginez
EAM_Ordizia
Gipuzkoako hamaika eskualdeetako lehendakari eta zuzendariak berriz bildu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Garapeneko Zuzendaritzako Pedro Iturbe eta Ugaitz Iturberekin, Berrikuntza eta Jakintzaren Sustapen Zuzendaritzako Joseba Amondarainekin, eta Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzako Arantza Ruiz de Larrinagarekin. Bilera pasa den azaroaren 5ean izan zen. Bertan, Berrikuntza eta Jakintzaren Sustapen Zuzendaritzak argitaratutako sustapen dekretuaren eta herritarren partaidetza bermatzeko oinarrien inguruko ekarpenak landu ziren, beste gai batzuen artean. Horretaz gainera, Sarearen eguneratzea, 2015. urterako aurreikuspena, eta dekretuen eraikitze prozesuan hobetu edo gehitu beharrekoen inguruan hausnartu zen, eta harremantze ereduaren iraunkortasunaren gaineko eztabaida zabaldu zen. Orokorrean, saioa positibotzat hartu zuten parte hartzaileek, eta Sarearen inguruan jasotako iritziak eta gomendioak kontuan hartuta, 2015ari begira abian jarri dira jada Eskualde Arteko Mahaia eraginkorragoa izateko tresnak. 

Energia Mahaia
Gipuzkoako energiaren balio katea aztertzeko prozesua eta mikroenpresek energia aurrezteko ekimenak abian
  • 15 kontratazio itxi dira Eskualdeetako energia balio kateak identifikatu eta hauek dituzten sareak aztertzeko. Bestalde, 100 enpresatik gora aurkeztu dira energia aurrezteko mikroenpresentzako diru laguntzen deialdira
#EnergiaMapGipuzkoako Garapen agentziei Gipuzkoako energia balio kateak landu eta energiari lotutako enpresa txiki hauen sareak aztertzera bideratutako gazteen kontratazio deialdiaren ondorioz, 15 kontratazio itxi dira. Gipuzkoako eskualdeetako energia balio kateak landu eta energiari lotutako enpresa hauen sareak aztertzea dute helburu. Lan hori egiteko, Orkestrak gaikuntza prozesu bat eskainiko die proiektuan parte hartzen dutenei, lan hori aurrera eramateko. Abenduan hasitako programa hau 9 tailerretan dago banatuta. Tailer bakoitzean, beharrezkoak dituzten tresna, kontzeptu eta gaitasunak landuko dira. Aldi berean, Orkestrako ikertzaile taldea teknikari horiek egingo duten analisian lagundu eta prozesua errazten ibiliko da. Prozesuaren amaieran, eskualde mailako diagnostikoetatik abiatuta, Orkestrak Gipuzkoa osoko  energiaren balio katea aztertuko du. 
Bestalde, azaroan argitaratu zen Energia Mahaian landutako diru laguntzen deialdia, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko inbertsioak egiten dituzten Gipuzkoako mikroenpresentzako. Dekretuak oso harrera ona izan du eta 100 enpresa baino gehiago aurkeztu dira deialdira.  #EnergiaMap#EnergiaM
Gogoeta Taldea
Gogoeta  Taldeak eskualdeetako bisiten bigarren erronda bukatu ondoren, Goierrin eta Urola Garaian hasi du hirugarren erronda

GogoetaT_DebabarrenaDebabarrena, Urola Erdia eta Bidasoa eskualdeak bisitatu ondoren, Gogoeta Taldeak bisita horietan ateratako ondorioak aztertuta, eskualde horiei bere egoera hobetzeko proposamenak eta gogoeta aurkeztu zizkien. Orokorrean, eskualdeak pozik agertu dira Gogoeta Taldeak egindako lanarekin, eta hobetu beharrekoak ere azpimarratu dituzte, bisita hauen inguruko balorazioa egiterakoan. Horrela, Juan Angel Balbás Debegesako zuzendari nagusiaren hitzetan: “Lan talde honen bisita, prozesua eta aurrerabidea, alkateak ere tartean direla, oso interesgarria, egokia eta motibatzailea iruditu zait, Debegesako talde osoarentzat. Hala ere, lanaren helburua neure taldera eramateko hutsunea ikusi dut”.
GogoetaT_GoierriJesus Aguirre Iraurgi Lantzeneko (Urola Erdia) zuzendari nagusiaren iritziz, “Gogoeta Taldearen planteamendua egokia da, alde batetik kanpo ikuspegi bat izatea aberasgarria baita eta bestetik udal desberdinetako alkate eta zinegotziak elkarrekin eta garapen agentziako teknikariekin batera gai baten inguruan egoteko aukera ematen baitu. Nahiz eta bisita egokia izan, eskualdeak oso konplexuak dira, eta ordu pare bateko bisita batek ez du asko laguntzen bertako errealitatean sakontzen, ondorioz, jasotako ekarpenak, nire ustez nahiko orokorrak izan ziren, borondatea ona izan arren praktikan nahiko motz gelditzen zen. Ildo horretatik, egokia izango litzateke honek jarraipen bat izango balu, gehiago sakontzeko eta elkarrekiko elkarrizketari eusteko”. Maribel Lorenzo Bidasoa Activako zuzendariak aldiz, hauxe esan du: "Ongi dago kanpoko iritzia jasotzea. Aditu taldearen ekarpenak interesgarriak izan ziren. Beharbada, gustatuko litzaiguke lurraldeko eragile gehiagorekin egotea, prozesua luzeagoa izatea eta bisita edo beste bitarteko batzuen bidez, eskualdea sakonago ezagutzeko aukera edukitzea”. Jada hirugarren erronda hasi da. Horrela, abenduaren 12an Goierrin izan ziren, bertako errealitatea bertako eragileekin ezagutzeko asmoz. #GogoetaT
Nazioartekotzea
Kuba eta Kolonbiara egindako enpresen misioak emaitza onak ekarri ditu Gipuzkoako enpresak nazioartekotze bidean
  • Usurbilgo Viroex enpresak misio honen bitartez Kubako sare elektroenergetikoaren ardura duen Energoimport enpresarekin lankidetza hitzarmen bat sinatu du.
  • Kolonbiako agintariek interesa azaldu diote Aldundiari Gipuzkoako enpresek herrialde hartako industriaren modernizazioan lagundu dezaten.
Azaroan, Gipuzkoa Sareanen barnean sinatutako nazioartekotze akordioaren baitan, Gipuzkoako 20 bat enpresa Kuba eta Kolonbian izan ziren, Pedro Esnaola Gipuzkoako Bazkundeko lehendakaria, Fernando Nebreda Garapeneko lehendakaria, Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako diputatua, eta Jagoba Albillos Lurralde Garapeneko zuzendaritzakoa lagun zituztela. Herrialde haietako agintari, enpresa eta Merkataritza Ganberako zuzendariekin bildu ziren. Kuban izandako egonaldiaren ondorioz, Usurbilgo Viroex-ek sinatutako akordioaz gain, Beasaingo GH enpresa hornikuntza kontratu bat lortzear da. Gainera, Kubako Merkataritza Ganberako arduradunek interes handia erakutsi zuten Gipuzkoarekin lankidetzan aritzeko, biomasarekin zerikusia duten proiektu estrategikoetan hain zuzen.
Bogota_EmprendeKolonbiako agintariek lurraldeko industria modernizatzea eta energia berriztagarrien garrantzia handitzea dute helburu. Gipuzkoako enpresek automobilgintzan, metal-mekanikaren alorrean eta energia berriztagarrietan duten indarra eta esperientzia aintzat hartuz, eta bertan egindako harremanen ondorioz, erakundeek interesa azaldu zuten Gipuzkoako enpresek energiaren alorrean, IKTetan, trenbideetan eta baita gastronomia arloan parte har zezaten. Bogotako Merkataritza Ganberak antolatutako merkataritza misio bat izango da Madrilen otsailean, eta Ganberako Zuzendaritzak Gipuzkoara etortzeko aukeraz hitz egin zuen. Kolonbiara egindako bidaian, gainera, Gipuzkoako taldeak Findeter, Kolonbiako gobernuaren garapenerako finantza bankua, bisitatu zuen. LKS Gipuzkoako aholkularitza Findeterrekin hizketan ari da, proiektu berrietan sartzeko. 

Garaituz Programa
99 enpresa txiki eta ertain aurkeztu dira Lurralde Garapeneko Zuzendaritzak egoera zailean dauden enpresen bideragarritasuna bermatzeko abian jarri duen programan parte hartzeko
 
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako eskualdeetako garapen agentziek, Garaituz programaren barruan, lurralde honetan ahultasun egoeran dauden enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetu eta iraunkortasuna ziurtatzeko asmoz, lankidetza hitzarmena sinatu zuten urte hasieran. Hitzarmen honen barruan dauden lan ildoen barruan, egoera zailean enpresa hauei ekintza planak ezarri eta gauzatzeko diru laguntza lerro bat zabaldu zen urrian. Guztira Gipuzkoako 11 eskualdetako 99 enpresa aurkeztu dira. Hauetako %71k, programa otsailean abian jarri zenetik, enpresen bideragarritasuna oztopatzen duten arazo nagusien diagnostikoan parte hartu zuten; gainerako %29ak, berriz, programa honetan lehen aldiz parte hartzen du. Makina eta piezen fabrikazioa eta metalaren inguruko sektoreko enpresak dira parte hartzen duten gehienak. Gehienek tamaina, sozietate egitura, antolakuntza eta enpresa egitura edo estrategiari lotutako ahuleziak dauzkate. Honen ondorio, arlo operatiboan eta ekonomiko eta finantzarioan zailtasunak dituzte. Deialdiaren ebazpena azaroaren 27an egin da. Diru laguntza deialdiaz gainera, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, TKNIKArekin eta Garapenekin lankidetza hitzarmena sinatu da, esparru akademikoko adituek enpresei lagun diezaieten enpresa bakoitzak bere ahultasun egoerari erantzuteko. Horrela Euskal Herriko Unibertsitatea kudeaketa eredu egokiak ezartzeaz arduratuko da, TKNIKA prozesu produktiboen hobekuntzaz, eta Garapen elkartea eskualdez eskualde enpresei begirako lan taldeen dinamizazio eta koordinazioaz arduratuko da. #Garaituz

Zubigintza
Harremantze ereduaren iraunkortasunaren inguruko eztabaida Gipuzkoa Sareaneko talde eta mahaietan

ZubigintzaHarremantze eredu berriaren iraunkortasunaren inguruko gogoeta zabaldu dugu, azken hilabeteotan, mahai eta gune desberdinetan, Zubigintza ikertaldearen eskutik. Talde ertainean hasi zen erronda hau, eta gero, Zubigintza ikerketa taldean, Eskualde Arteko Mahaian eta Fazilitadoreen ekintza ikerketa prozesuan gai honen inguruko ikuspuntuak jaso dira. Gipuzkoako garapenari dagokionez, hainbat gairen inguruko gogoeta egin zen: harremantze eredu berriak dakarren ekarpena, eragileen lotura eta aurrera begirako erronkak, eta aurrera begira eman beharreko pausoak, besteak beste. FOMINen iraunkortasunaren inguruko metodologiatik abiatuz, bi galderari erantzun zitzaien: Zein da Gipuzkoa Sarearen barnean lantzen ari den harremantze eredu berri honen egoeraren balorazio orokorra? Eta nola jarraituko du honek? Gogoeta horietan oinarrituta emango dira Gipuzkoa Sarean barnean lantzen ari garen harreman eredu hau sendotzen jarraitzeko hurrengo pausoak. Ekintza honi lotuta, Gipuzkoa Sareanen prozesuaren liburua idazten ari gara, orain arte ikasitakoa jasotzeko asmoarekin.#Zubigintza
Finanlab
Txanpon sozialaren inguruan Ekonomia Solidarioaren II. Azokan

TXANTXIEkonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak (REAS Euskadi) Ekonomia Solidarioaren II. Azoka antolatu zuen pasa den azaroaren 15ean, Donostia 2016ko ekintzen gunean, Euskal Herriko Merkatu Soziala eratzen eta sustatzen laguntzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Garapeneko zuzendaritzak Txanpon Sozialari buruzko mahai inguruan parte hartu zuen. Bertan eraldaketa sozialerako eta enpresen finantzaketarako erabilgarriak izan daitezkeen aukeren inguruan hitz egin zuten eta bide batez, abenduak 16an sortu zen txanpon osagarrien inguruko #FinanForoan parte hartzera eta urtarrilak 29an Debagoienan ospatuko den moneta sozialaren inguruko #Finanlab nazioarteko mintegira joateko gonbidapena zabaldu zuten. Urtarrileko jardunaldira besteak beste, Londresetik CCIA (Community Currencies in Action) proiektu europearreko zuzendaria den, Leander Bindenwald, RES txanpon osagarriaren ekimeneko zuzendaria den, Josep Lluis de la Rosa eta EuroCat egitasmoan lanean ari den Susana Belmonte izango dira gurekin, bere egitasmoez gain, Europan  martxan daudenei buruz ere hitzegingo digutelarik. #Finanlab#FinanForoa 

SAREA SAKONTZEN
 
Fazilitadoreen ekintza ikerketaren prozesuaren bigarren fasearen inguruan. Miren Estensoro

"Proiektuen inguruko 'Nola' horretarantz bideratutako kontzientzia garapena nabaria da fazilitadoreen artean, eta horrek prozesua izugarri aberasten du"

Miren_EstensoroMiren Estensoro Gipuzkoa Sareaneko Zubigintza ikerketa taldeko kidea da. Ekonomian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta gaur egun Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea da. Bertan tokiko garapena, gizarte berrikuntza, lankidetza publiko-pribatuko sareak eta gobernantza ditu ikergai, besteak beste. Arlo horietan, ikerketa-ekintza metodologia da bere lanaren oinarrietako bat. Eskualde bakoitzak Gipuzkoa Sareanek proposaturiko harremantze eredua eraikitzeko asmoz martxan jarritako proiektuetan lanean ari diren fazilitadoreen prestakuntza saioak bideratzen ari da gaur egun, eta horren inguruan galdetu diogu.IRAKURRI ELKARRIZKETA HEMEN
                   
AGENDA
 
 

Sarea lanean... datozen hilabeteetan

  • 2014/12/23- Sustapen Mahaia eta Finantzaketa Mahaia. Debagoiena. 
  • 2015/01/14- Eskualde Arteko Mahaia. Buruntzaldea. 
  • 2015/01/21- #EnergiaMap-Energiaren balio katearen inguruko gaikuntza prozesua. Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua (Donostia).
  • 2015/01/22- Fazilitadoreen ekintza ikerketa prozesua.Urola Garaia
  • 2015/01/29- #Finanlab Nazioarteko Mintegia. Debagoiena.
  • 2015/02/05- #EnergiaMap-Energiaren balio katearen inguruko gaikuntza prozesua. Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua (Donostia).
LEGE OHARRA: Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Legea eta Informazioaren Gizarteko eta Merkataritza Elektronikoko Zerbitzuei buruzko 24/2002 Legea betez, jakinarazi nahi dizugu zure datuak fitxategi automatizatu batean gordeko direla, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa. Posta elektronikoz Gipuzkoa Sarearen jardueren inguruko informazio gehiago jaso nahi ez baduzu, bidali berriro mezu elektroniko hau ondoko helbidera: ugaitziturbe@gipuzkoa.net. Gaian BAJA EMAN adieraziz.