Copy
CASTELLANO
Emaila zure nabigatzailean ikusi
SARRERA

Gipuzkoa Sareanen ebaluazio eta azterketa fasea amaieran dagoen momentu honetan, pozgarria da guretzat prozesuarekin jarraitzeko asmoa berretsi eta 2016an prozesu honen aro berri bat irekitzera goazela esan ahal izatea. Legealdia hasi zenetik gaur arterainoko lanean garrantzitsua izan da Aldundiko gobernu berriarentzat Kudeaketa Plan Estrategikoa aurkeztu eta beronen ataletako batean sakontzen duen Ekonomia Suspertzeko Plana ere gizarteratzea. Buletin honetan azken honi tokia egin nahi izan diogu. Izan ere, berau izango da Gipuzkoa Sareanen elkarlanerako garatu nahi ditugun espazioetan ardatz nagusietako bat.

Liburuaren aurkezpen ekitaldian, azken sei urteen balorazioa egin genuenean, eskuartean ilusioa sortzen duen proiektu bat dugula esan genuen. Espero dugu 2016. urtean  ilusio hori ekintza konkretuetan gauzatzea eta bidelagun izango zaituztegula proiektu honetan. Beraz, ondo hasi urte berria. Izango dugu elkarren berri.

Sebastian Zurutuza
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendaria

HAUSNARKETATIK...

Ikerketa gai batean dagoen jakintza gehitzeko asmoz egiten den jarduera intelektual eta esperimental sistematikoa da. Gipuzkoa Sarean gizarte kapitalaren eta lurralde garapenaren alorretan ikasteko laborategi aparta izan da azken sei urteetan. Ikertzaileok hasieratik egon gara bertan eta jadanik modu naturalean ikusten gaituzue bidelagun moduan. Baina fazilitadoreen ikerketa-ekintza prozesuan, behin zuetako batek esan bezala, arrotz egiten da Gipuzkoa Sarean ikerketa prozesu bat denaren ideia. Hori gainditzen joateko, buletineko txoko honetan ikerketa lanari loturiko gure hausnarketak konpartituko ditugu, eta aldi bakoitzean proiektuan parte hartzen duen ikerketa taldeko kide batek hartuko du erreleboa. Ez dugu beste ikertzaile batzuentzat idatzi nahi, zuentzat, Gipuzkoa Sareaneko eragileentzat baizik. Sentitu libre, beraz, ekarpenei erantzun eta eztabaida pizteko. Izan ere, prozesu honetan ikerketak duen lanik zailena baina zirraragarriena pentsatzeko modu kritikoa piztea da, kritikoa baita geure ikerketarekiko ere. 

Miren Larrea
Zubigintza, Gipuzkoa Sareaneko ekintza ikerketa laborategiko koordinatzailea

...EKINTZETARA
...Sarea sakonean
Liburuaren ekitaldia
SAREA ERAIKITZEKO BIDEAK JARRAITUKO DU
Joan den azaroaren 19an, “Gipuzkoa Sarean: Bidean” ekitaldia antolatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Bertan, proiektuan parte hartu duten 30 profesional baino gehiago bildu ziren, erakunde, garapen agentzia, zentro teknologiko eta unibertsitateetatik etorritakoak. Ondorengo argazkian klik eginez, ekitaldiari buruzko erreportajea ikus daiteke:



Era berean, ekitaldiko agazkiak ikusi eta jaitsi ditzakezu 
hemen klik eginez
Elkarrizketa: Sebastian Zurutuza
"Gipuzkoa Sarean Diputaziotik bultzatu nahi dugun gobernantza kolaboratibo eta irekiarentzat eredua izatea gustatuko litzaidake"



















Gipuzkoa Sareanek jarraitu egingo zuela jakinarazi zuen “Gipuzkoa Sarean: Bidean” ekitaldian Sebastian Zurutuzak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendari eta Gipuzkoa Sareanen arduradun berriak. Zubigintza-Gipuzkoa Sareanen Ekintza-Ikerketa Laborategiko kideekin izandako zenbait bileraren ostean hartutako erabakia izan zen hura. Jarraitzeko erabakiaren zergatiaz, proiektuak hartuko duen norabideaz eta ekitaldiari buruzko sentsazioez hitz egiten du elkarrizketa honetan
 
...Sarean laburrean

"Lurralde adimendunak" kurtsoa

Bisio konpartituaren garrantzia azpimarratu zuen Miren Larreak lurralde adimendunak eraikitzerakoan, Gipuzkoa Sareanen adibidetik abiatuz


Miren Larrea Orkestrako ikertzaile senior eta Zubigintzako kideak (Gipuzkoa Sareaneko ekintza-ikerketa laborategia) hitzaldia eskaini zuen “Lurralde adimendunak” ikastaroan, Garapenek, Euskal Herriko Unibertsitateak eta RealiZe negozio ereduen enpresak antolatuta. 

Gipuzkoa Sareanen esperientzia abiapuntu hartuta, Larreak azpimarratu du ikuspegi partekatua gakoa dela lurralde garapena adimenduna izateko. Ildo horretatik, bi kontzepturen garrantzia azpimarratu du: gobernantzarena, lurralde adimendun batek bestelako harreman eredu bat behar duelako, sareen eraikuntzan oinarritutakoa; eta estrategiarena, plangintza ikuspegiaz gainera, ikaskuntza, negoziazioa eta talde lana ere aintzat hartu behar dituena. Larreak dio, horrela, “lurralde adimendunak arazoei herri gisa erantzuteko gaitasuna duten horiek direla”. 

“Lurralde Adimendunak” ikastaroa abenduaren 17 eta 18 egun bitartean eskaini zen, Donostiako Miramar Jauregian. Ikastaroaren helburua zen lurralde adimendunen inguruan ekonomiaz bestelako alderdiak ere lantzea, “azken urteetan jarduketa eta estrategia osoagoak bilatzen ari baitira, gizarte alderdiak eta ingurumenari lotutakoak ere kontuan hartuko dituztenak".

 

Atal berria!
SARETIK HARATAGO
 
Atal honek Gipuzkoa Sareanetik kanpo egonik ere, berrikuntza eta gobernantzarekin zerikusia duten proiektu, sare eta ekimenak jaso eta ezagutzera ematea du helburu. Bi azpiatal izango ditu: batean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenak jasoko ditugu; bestean, eskualdeetako ekimenak.

Joan den azaroaren 17an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Ekonomia Suspertzeko plana aurkeztu zuen. Honek bi oinarri nagusi izango ditu: alde batetik, fiskalitatea, ekonomia bultzatzeko erreminta modura; bestetik, ekonomia sustapeneko gobernantza berria bultzatuko du, lurraldeko eragileak prozesuaren parte hartzaile bihurtzeko.

Plan honek lau urdeko indarraldia izango du eta 200 milioi euroko aurrekontua, lau lan eremuren artean banatuko dena: industria alorreko enpresak, lehen sektoreko enpresak, turismo eta kultura alorreko enpresak, eta gizarte politikako enpresak.

Aldundiak adierazitakoaren arabera, Ekonomia Suspertzeko Planak, Kudeaketa Plan Estrategikoarekin eta 2016ko aurrekontuekin batera, gobernu jarduna gidatuko du hurrengo urtean.
 

Planari buruz gehiago jakiteko, hemen ikus eta jaitsi dezakezu


 
Iraurgi Berritzenetik sustaturiko Urola Erdiko eragile publiko pribatuen artean autokudeaturiko elkarlan sarea da Ezagutza Sarea. 2003an sortu zen iniziatiba izanik ere, urtetik urtera egokitzen joan da, Gipuzkoa Sareanekin bat egiten duen dinamika bizia mantenduz.

Sareko kide eta eskualdearen garapen eta berrikuntza ditu helburu. Eskualdeko ikastetxe, lanbide heziketa zentro, empresa eta tokiko erakundeek hartzen dute parte proiektuan. Identifikatzen diren hiru eragileetatik abiatuz (Enpresa, Ikastetxe eta Erakundeak), hiru elkarlan gunetan dago egituratua, eta horietako bakoitzak bere lan ildo eta kudeaketa plana ditu. Sortu diren proiektuetako batzuk dira, esaterako: Enpresen Partaidetza (EnParte), Enpresa Traktore eta Hornitzaileen elkarlana (Hornitu), Enpresa Txikien aliantzaElkarrekin Eraikitzen eta Sustapen Ekonomikorako Akordio Politikoa.

Beraz, autokudeaturiko tokiko sarea denez, helburuak eta lantzeko proiektuak kideek erabakitzen dituzte. Gipuzkoa Sareanen ikuspegiaren ildotik, lurralde garapenerako eredu parte hartzailea eta gobernantza eredu ireki baten oinarriak urtetan lantzen ari da Ezagutza Sarea. Orain arte lan egiteko moduetan konfiantza eta legitimitatea sortu eta eragileen inplikazioa lortu badira ere, etorkizuneko erronken artean daude eragile gehiagok parte hartzea eta saretze prozesua Iraurgi Berritzen osora inplementatzea.

Proiektua sakonago ezagutu nahi izanez gero, egin klik hemen
AZKENA
 
"Gipuzkoa Sarean: Bidean" ekitaldiko talde hausnarketa

Gipuzkoa Sarean Bidean liburuaren aurkezpen ekitaldian, taldeetan bildurik, proiektuak gaur egun dituen indarguneak eta ahultasunak identifikatu eta etorkizuneko itxaropen eta erronkak zehaztu zituzten bertan parte hartu zuten eragileek. Ideia horiek guztiak koloretako post-it batzuetan jaso ziren, ondoko kortxoan ikus daitezkeenak bezalakoak. Atal honetako kortxoan, beraz, egun hartan atera ziren esaldi batzuk jasotzen dira, egun hartako gogoeta laburtzen dutenak:
 

 
LEGE OHARRA: Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Legea eta Informazioaren Gizarteko eta Merkataritza Elektronikoko Zerbitzuei buruzko 24/2002 Legea betez, jakinarazi nahi dizugu zure datuak fitxategi automatizatu batean gordeko direla, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa. Posta elektronikoz Gipuzkoa Sarearen jardueren inguruko informazio gehiago jaso nahi ez baduzu, bidali berriro mezu elektroniko hau ondoko helbidera: diputatunagusiarenkabinetea@gipuzkoa.eus. Gaian BAJA EMAN adieraziz.

 
unsubscribe from this list    update subscription preferences