Copy
CASTELLANO
Emaila zure nabigatzailean ikusi
Gipuzkoa Sareanen Twitterra
SARRERA

Gipuzkoa Sareanek pauso nabarmenak eman ditu azken hilabeteetan, batez ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta eskualde garapenerako agentzien arteko lankidetzan. Eskualde Arteko Mahaiak jadanik adostu du gobernantza modu berri bat eraikitzeko urtebeterako prozesu bat. Prozesu horren baitan, lehen sei hilabetetan elkarrekin ikasteko prozesu bat garatzen ari gara, eta hurrengo sei hilabeteetarako helburua izango litzateke koordinatzeko beste modu bat adostea. Guztion aldetik ahalegina eskatu du bide hau adosteak eta datozen hilabeteetan ikusiko dugu nolakoak diren egindako lanaren emaitzak. Bestalde, eskualde garapenerako agentzietako teknikariak ari dira jadanik Sustapen Ekonomikoko departamentuko lantalde batekin lanean, Gipuzkoan enpresa txikiei ematen ari gatzaizkien erantzuna hobetzeko. Lankidetza horretatik irakasbide ugari aterako ditugu etorkizuneko gobernantza eraikitzeko. Bidean aurrera goaz, beraz. Udako oporrez goza dezagula guztiok. Ea indarberriturik itzultzen garen, bide honi berriro gogoz ekiteko.

Sebastian Zurutuza
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendaria

HAUSNARKETATIK...
Gipuzkoa Sarean: Intersubjetibitatearen paradigma lurralde garapenean

Errealitatea zer den eta nola ezagutzen dugun aspaldiko eztabaida da zientziaren munduan. Historian zehar positibismoaren eta konstruktibismoaren arteko eztabaida amaiezina izan da: errealitatea gugandik kanpo dagoen zerbait da ala guk eraikitzen dugun zerbait? Eztabaida horrek, baina, arlo filosofikotik haratago, eragin handia du arlo politikoan, teknikoan eta sozialean. Gehiegi sakondu gabe, errealitatea guregandik kanpo dagoen zerbait bada, guk ezagutu besterik ezin dugu egin eta, hortaz, ez dugu hura eraldatzeko inolako gaitasunik. Errealitatea guk eraikitzen dugun zerbait bada, ordea, hau da, adostasun eta harreman sozialek eraikitzen badute errealitatea, eraldagarria izango da, eta arrazoiaren bidez, errealitate hobeak irudikatu eta sortzeko gaitasuna dugula esan nahi du.

Horrela, lurralde garapenaren jokalekua gure artean sortzen dugun “intersubjektibitatea” dela adostu izanak izugarrizko eragina dauka fazilitadoreon egunerokoan. Izan ere, gure lana da harremanetan dauden gizarte, ekonomia eta politika eragileen interes eta botere harremanen arabera sortzen den errealitatea eraldatzeko prozesuak bideratu edo fazilitatzea, eta paradigma horren baitan, posible ez ezik, ezinbestekoa da lan hori. Horrenbestez, gure lana da eragile ezberdinen berezko subjektibotasun horien artean dauden antagonismoak, gatazkak eta desadostasunak kudeatu eta, eragile guztien indarguneez baliatuz, elkarren arteko sinergiak sortuko dituzten intersubjektibotasun berriak eraikitzea.

Andoni Egia
Donostia-Beterriko fazilitadorea
 
...EKINTZETARA
...Sarea sakonean
Eskualde Arteko Mahaia
Harremanak hobetzeko elkar ezagutza sustatuz

"Gobernantza eredu berria eraikitzeko, beharrezkoa da Foru Aldundiak bere papera zein den eta gurekin non egin nahi duen lan definitzea"

Maiatzaren 27an Arrasaten egindako Eskualde Arteko Mahaian proiektuan aurrera egitea zaildu zezaketen zenbait gatazka jarri ziren mahai gainean: aurreiritziak, sentimenduak... Hori egin gabe, proiektuan aurrerapausoak ematea zaila suerta zitekeen, baina printzipioz urtebetez gai hori lantzeko konpromisoa azaldu zuten agentzietako zuzendariek, lehendakariek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek. 

Gatazkak agerian uzteko dinamika horrek hainbat gogoeta egitea ekarri zuen. Horietako bat Donostia Sustapeneko Eduardo Fernandezek egin zuen, eta zehazki proposatu zuten proiektuaren bitartez plano operatibo eta soilik exekutatzailetik plano estrategikora pasatzearen beharra. Gogoeta hura modu zabalagoan azaltzeko eskatu zitzaion ondorengo bideoan (egin klik irudian).




Dinamikako argazkiak ikusteko, egin klik hemen.

Ikasketa fasea hasi da, diagnostiko subjetiboa eginez

Uztailaren 14an hasi zen Donostiako Talent Housen Eskualde Arteko Mahaiaren ikasketa fasea. Helburua zen diagnostiko subjektibo bat egitea, azken batean bakoitzaren pertzepzioak ezagutzea oinarrizkoa baita gobernantza berri bat eraiki ahal izateko. 

Saioak bi zati izan zituen: lehenengoan, agentzietako lehendakariek beren diagnostikoa egin zuten. Haiekin izan ziren Xabier Barandiaran Kabinete burua, Antton Tomasena Sustapen Ekonomikoko zuzendaria eta Sebas Zurutuza Kudeaketa Estrategiako zuzendaria. Bigarren zatian, berriz, agentzietako zuzendariak egon ziren. 

Dinamika berdina izan zen bietan, baita bezperan Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek eginiko lantegikoa ere: orain arte ateratako zenbait ideia jasotzen dituen test moduko galdetegi bati erantzun eta, ondoren, ñabardurak ozen adierazi.


Diagnostiko subjektiboa egiteaz gain, saioan diagnostiko objektiboa ere aurkeztu zen. Honen lidergoa HUHEZIko Andoni Eizagirrek hartuko du, Orkestrako Ion Irurzunek lagunduta. Bi diagnostiko horiek beharrezkotzat jo dira hilabete batzuetan negoziazioa egin ahal izateko.

Dinamikako argazkiak ikusteko, egin klik hemen.
Fazilitadoreen ekintza ikerketa
Joko arauak aldatzeko lehenengo pausoak ematen



Azken buletina atera genuenetik fazilitadoreak bi aldiz elkartu dira enpresa txikien arazoak diagnostikatu eta urteko plan bat egiteko. Bi bilerak ekainean izanik, esan daiteke hausnarketa hilabetea izan dela hura fazilitadoreentzat. Tailerretatik kanpo, urtebete iraungo duen prozesuaren fase honetarako espektatibei buruzko gogoeta eskatu zitzaien. Beraien erantzunak bideo formatuan jaso ziren.Tailerretan, bestalde, fazilitazio rola lantzen joan ginen. Hilabete hasierako tailerrean, joko arau batzuen arabera portatzen garela ikusi zen, baina joko arau horiek aldatzeko aukera dugula, eraikuntza soziala baitira. Horretarako, intersubjektibotasunak duen garrantzia azpimarratu zen eta ariketa bat egin zen, kontzeptu horiek bakoitzaren errealitatera aplikatzeko. Bi kontzeptu horiei buruzko gogoeta beharrezkoa izan zen ekain amaierako saioan fazilitadorearen definizioa, lidergoa eta ikusgarritasuna lantzeko. Tailer honetan Pablo Costamagna ikertzaile argentinarrak parte hartu zuen.

Saioan, bi edo hiru minutuko bideo parte hartzaile bat diseinatzea proposatu zitzaien fazilitadoreei, beraien rolaren inguruko hausnarketa beste modu batera bultzatzeko asmoarekin. Talde bakoitzari galdera bat planteatu zitzaion, batik bat bi hartzaile kontuan hartzeko:
  • 1. Taldea: Nola azalduko zeniokete Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun bati agentzien fazilitazio lanaren balioa?
  • 2. Taldea: Nola azalduko zeniekete zuen agentzietako lehendakari eta zuzendariei zuen fazilitazio rola Gipuzkoa Sareanen?
Tailerraren amaieran talde bakoitzeko bozeramaile batek taldeko proposamenak azaldu zituen, ondoren ikusi daitekeen bideorako (egin klik irudian):


 
Diseinua edukita, bideoa gauzatzea da hurrengo pausoa. Datozen hilabeteetan ekingo diogu horri.

Dinamikako argazkiak ikusteko, egin klik hemen
...Sarea laburrean
Esperientzia partekatuz
Doktoregoko ikasleek Gipuzkoa Sareanen esperientziaz hausnartu zuten Foru Aldundiko arduradunekin

Gipuzkoa Sareanen esperientzia lehen eskutik ezagutzen izan ziren maiatzean ‘Methods in Participatory and Interactive Research’ ikastaroko ikasleak (doktoregoko ikasleak denak). Gipuzkoako Foru Aldundian, Sebastian Zurutuza, Garikoitz Agote eta Ander Arzelusekin bildu ziren eta beraiekin, hau da, policy makerrekin, zenbait hausnarketa eta galdera partekatzeko aukera eduki zuten.

Ez zen ikasleek proiektuaz entzuten zuten lehen aldia. Joan den urtean, ikastaro honen lehenengo zatian, Norvegian, azaldu genien zer zen Gipuzkoa Sarean. Ikastaroaren bigarren zatia Donostian egin da, hain zuzen ere, ikasleek proiektuaren esperientzia lehen eskutik ezagutu ahal izateko. 

Orkestra-Lehiakortasunaren Euskal Institutuak eta
Agder-eko Unibertsitateak elkarrekin antolatuta dute ikastaroa doktoregoko ikasleentzat. Ikastaroaren helburua zen prozesu elkarreragileetan sortutako datuetatik abiatuta, teorizatzera iristeko bidearen inguruko gogoeta egitea eta horrela eraikitako teoriak lurralde batean azaltzen diren arazoei irtenbidea ematen lagundu dezakeen aztertzea.  
Ikasleetako bik esperientziaz ateratako ikasketak ikusteko, egin klik hemen!
Barne formakuntza GFAn
Gipuzkoa Sareanen ikasitako metodologiari buruzko barne prestakuntza hasi da Foru Aldundian

Gipuzkoako Foru Aldundian, barne prestakuntzaren lehenengo saioa egin zen joan den ekainaren 28an. Saio horrek helburu izan zuen gobernantzara hurbiltzea, kontzeptuak eta marko nagusiak azalduz. Saioa Xabier Barandiaranek ireki zuen, eta hizlari izan ziren Mikel Navarro, Miren Larrea eta Pablo Costamagna Orkestrako ikertzaileak.

Barne prestakuntza honen helburua da Gipuzkoako Foru Aldundian gobernantza berriaren eraikuntzan ardurak dituzten hainbat kidek prozesu hori lantzeko interesgarri izan daitezkeen esparru kontzeptualak eta metodologiak ezagutzea, batik bat Gipuzkoa Sareanen esperientziak erakutsitakotik abiatuz. Prozesuak urte bete iraungo du, eta bi hilean behin egingo den hiru orduko lantegietan antolatuko da.

Prestakuntza honetan Foru Aldundiko lau departamentu ari dira parte hartzen:  Gobernantza, eta honen baitan hiru zuzendaritza (Modernizazioa, Herritarren Partaidetza eta Funtzio Publikoa); Diputatu Nagusiaren Kabinetea; Gizarte Politika; eta Kultura.

Esperientzia berriak ezagutzen
Larrea eta Costamagna Sevillan egon ziren plano politikoa eta teknikoaren arteko lankidetzan sortutako arazoez hausnartzeko

Uztaileko lehenengo astean Orkestrako Miren Larrea eta UTN-Rafaelako Pablo Costamagna Sevillan izan ziren, profil politiko eta teknikoen arteko lankidetza hobetzen lagundu dezaketen esperientziak ezagutzeko. Helburua zen lankidetza horren inguruan gogoeta egitea Gipuzkoa Sareanetik kanpo dauden baina antzeko trabak topa ditzaketen aktoreekin, hausnarketa horiek Eskualde Arteko Mahaira eraman ahal izateko.

Ikertzaileek Diputazioko zenbait arduradunekin eta Andaluziako Udalerrien Nazioarteko Elkartasunerako Funtsaren-Fondo Andaluz de Municipios para la Solidaridad Internacionalen (
FAMSI) gerentearekin biltzeko aukera izan zuten, besteak beste. Bertatik ateratako hausnarketen artean ondorengoak daude: plano politikoaren eta teknikoaren artean harreman konstruktiboak garatzeko formulak aztertzea, distantziak txikitzeko rolak lausotu gabe; alkateen fazilitadore rolari heltzea eta hori garatzeko tresnak sortzea.

Profil politiko eta teknikoen lankidetza lantzeko beharra Eskualde Arteko Mahaian definitutako ardatzetako bat izan zen, ardatz horizontala, hain zuzen ere. Horrez gain, ardatz bertikal bezala ezarri zen gobernu eta administrazio publikoaren mailen arteko lankidetza bultzatzea, hau da, udal, garapen agentzia, Gipuzkoako Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzaren artekoa. 
SARETIK HARATAGO
 
Atal honek Gipuzkoa Sareanetik kanpo egonik ere, berrikuntza eta gobernantzarekin zerikusia duten proiektu, sare eta ekimenak jaso eta ezagutzera ematea du helburu. Bi azpiatal izango ditu: batean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenak jasoko ditugu; bestean, eskualdeetako ekimenak.

Irailaren 1ean eta 2an, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen baitan, 'GOBERNANTZA ELKARLANEKOA ETA IREKIA. “Gobernantza ereduak. Joerak eta esperientziak” ikastaroa izango da. Gobernantza demokratikoaren kontzeptuaren inguruan nazioartean dauden hausnarketak ezagutzea du helburu, baliagarria izan baitaiteke Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratu nahi duen Gobernantza Onaren Estrategiaren baitan.

Xabier Barandiaranek zuzendutako ikastaro honetan parte hartuko dute, besteak beste, James Steinberg-ek, AEBetako Estatuko idazkariorde ohi eta unibertsitate dekanoak, edo Bob Jessopek, Lancaster University-ko soziologia irakasleak. Hain zuzen ere, azken hori sarritan aipatu izan dugu Gipuzkoa Sareanen esparru teorikoan. Miren Larreak ere lurralde garapenaren zerbitzura dagoen gobernantza egokiaz egingo du gogoeta.


Kurtsoa gaztelaniaz izango da. Informazio gehiago eskuratzeko edo izena emateko, egin klik hemen.
 

Ekosistema I-3D lankidetzan oinarrituriko proiektu pilotoa da, lanbide heziketa zentroen, enpresa handi eta txikien, teknologian aditua den K35en eta Oarsoaldeako Garapen Agentziaren arteko lankidetzan, alegia. 3D inprimaketarekin loturiko proiektua da eta bere oinarria K35en Tumaker proiektuan du.

2014ko urtarrilean martxan ipinitako "ekosistema" honen helburua da 3D teknologiaren ibilibidea erabiltzea sistema produktibo euskaldunarentzat. Era berean, teknologia honek eskaintzen duen ikuspegi sistemikoa nabarmendu nahi du, azken batean lan txertatzean, hezkuntzan eta berrikuntzan eragina duelako. Hiru dimentsioetan oinarritutako teknologia disruptiboa da. Oarsoadeako eskualdean, eta Gipuzkoan eragin esanguratsua izan ditzakeena.

 
AGENDA: IRAILA-URRIA
Eskualde Arteko Mahaia
2016ko irailaren 15a
 (Osteguna)

 
 Tokia: Ficoba (Irun)
Fazilitadoreen Ekintza Ikerketa
2016ko irailaren 8a
 (Osteguna)


TokiaADI! Deustuko Ikasle Gunean izango da, ez 19. gelan.
2016ko urriaren 13a
 (Osteguna)
 
Tokia: Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Campusa, 19. gela.
AZKENA
 
Gipuzkoa Sarean Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuari lotuta
Gipuzkoa Sareanen elkarrekin eraikitzeko eredua bete-betean dator bat Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuaren (ingelesez, Responsible Research and Innovation) lan ildoarekin. Horizonte 2020 programaren baitan giltzarria izango den ikerketa mota horrek azpimarratzen du, besteak beste, ikerketa arduratsu batean ez dutela soilik ikertzaileek parte hartu behar; aitzitik, eragileak ere kontuan izan behar dira. Baina, beste zein arrazoiengatik sar daiteke Gipuzkoa Sarean Ikerketa eta Berrikuntza arduratsuaren baitan? Are gehiago, zer da zehazki ikerketa mota hori? Patricia Canto Orkestrako ikertzailea gai hori lantzen ari da azken hilabeteetan eta bere hausnarketak utzi dizkigu bideo honetan (egin klik irudian):



Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuari lotuta, RRI-Tools izeneko plataforma sortu da ikerketa mota horren baitan lantzen ari diren proiektuak partekatu ahal izateko. Gipuzkoa Sareanen sortutako eredua partekatzea erabaki genuen, munduko beste zenbait tokitan gobernantza ereduak aldatzeko baliagarria izan zitekeela ikusirik. Emaitza ikusteko egin klik irudian (soilik ingelesez eskuragarri):

LEGE OHARRA: Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Legea eta Informazioaren Gizarteko eta Merkataritza Elektronikoko Zerbitzuei buruzko 24/2002 Legea betez, jakinarazi nahi dizugu zure datuak fitxategi automatizatu batean gordeko direla, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa. Posta elektronikoz Gipuzkoa Sarearen jardueren inguruko informazio gehiago jaso nahi ez baduzu, bidali berriro mezu elektroniko hau ondoko helbidera: diputatunagusiarenkabinetea@gipuzkoa.eus. Gaian BAJA EMAN adieraziz.

 
unsubscribe from this list    update subscription preferences